TORI.EUS-EN BALDINTZA OROKORRAK

PuntuEUS Fundazioak (IFKa: G75060178; helbidea: Arriola pasealekua, 2, Donostia, Gipuzkoa; EAEko fundazioen erregistroan F-325 zenbakiarekin inskribatua, 3. sek.), tori.eus webgunearen titular gisa (aurrerantzean, PuntuEUS), honen bidez ezartzen du zer baldintza orokor bete behar diren (aurrerantzean Baldintza Orokorrak) tori.eus webgunea eta bertan aurreikusitako zerbitzuak atzitu eta erabiltzeko.

  1. Kontratuan dagoen informazioa eta dokumentazioa. Erabiltzailearen onarpena
  2. Helburua
  3. PuntuEUS-en eskubideak eta betebeharrak
  4. Erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak
  5. Komunikazioak
  6. Egile-eskubideak eta marka
  7. Estekak
  8. Datuen babesa
  9. Aplikatzekoa den jurisdikzioa eta legea
  10. Miszelanea

1. Kontratuan dagoen informazioa eta dokumentazioa. Erabiltzailearen onarpena

Baldintza Orokor hauek www.tori.eus webgunean (aurrerantzean, Webgunea) egongo dira etengabe ikusgai, eta erabiltzaileek aukera izango dute baldintzok gordetzeko eta inprimatzeko. Hala, zerbitzua erabili aurretik jakin ahal izango dute zer ezaugarri dituen eta, oro har, zer baldintzatan eskainiko den.

Era berean, Baldintza Orokor hauek berriro aurkeztuko zaizkio erabiltzaileari Webgunean erabiltzaile gisa erregistratzen denean, espresuki onar ditzan –"Irakurri ditut eta onartzen ditut baldintzak" mezuan klik eginez–. Teknikoki ezinezkoa da erabiltzailea erabiltzaile gisa erregistratzea aurrez ez baditu onartu Baldintza Orokor hauek. Zerbitzua erabiltzean, erabiltzaileak aitortzen du adinez nagusia dela, kontratua sinatzeko behar den ahalmena baduela eta Baldintza hauek irakurri, ulertu eta onartzen dituela.

Baldintza Orokor hauetan edozein aldaketa egiten bada aurrerantzean, Webguneko toki ikusgai batean argitaratuko da, indarraldiaren hasiera-data adierazita. Aipatutako dokumentazio hori guztia inprimatu eta gorde egin dezake erabiltzaileak, eta edozein unetan eskatu ahal izango du Bezeroarekiko Arreta Zerbitzuan, mezu elektroniko bat bidaliz info@dinahosting.com helbidera edo telefonoz deituz 900 854 000 zenbakira.

Erabiltzaileak egoki jotzen duen edozein informazio-eskaera edo erreklamazio aurkeztu ahal izango du Bezeroaren Arretarako Zerbitzuan, goiko paragrafoan adierazitako bideak erabiliz. Zerbitzuak erreklamazioa jaso duelako ziurtagiria igorriko dio erabiltzaileari –dagokion identifikazio-kode eta guzti– bere helbide elektronikora, zeina nahitaez eman beharko baitio erabiltzaileak Bezeroaren Arretarako Zerbitzuari erreklamazioa egiteko unean. Goiko paragrafoan adierazitako bideetatik jasotako eskaera edo erreklamazioa ikusirik, erabiltzaileak aurkeztuta kasua aztertuko da, eta ahal duen bezain laster erantzungo dio, baina inoiz ez hamabost (15) egun natural baino beranduago, eskaera edo erreklamazioa jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Webgunea eta han aurreikusitako Zerbitzuak erabiltzeak nahitaez dakar Pribatutasun Politika onartzea, Cookie Politika onartzea eta honako Baldintza Orokor hauek onartzea, eta halaber onestea datu guztiak lege-testu hauetan deskribatutako terminoetan tratatzea.

2. Helburua

PuntuEUS-ek konpromisoa hartzen du fitxategiak trukatzeko zerbitzua "tori.eus" webgunearen bidez eskaintzeko (aurrerantzean, Webgunea), Baldintza Orokor hauetan ezarritako termino eta baldintzetan.

3. PuntuEUS-en eskubideak eta betebeharrak

3.1. Zerbitzuak ematea

Zerbitzua erabili nahi duten erabiltzaileek beren helbide elektronikoa idatzi beharko dute fitxategi-trukaketarako inprimakian, eta estekaren ezaugarriak definitu beharko dituzte Webgunean dauden ezaugarrien arabera.

Fitxategiak igotzeko eta biltegiratzeko gehieneko edukiera erabiltzaile bakoitzeko bi gigabyte da, guztira. Zerbitzuak aukera ematen du formatu askotako fitxategiak igotzeko, bai eta eskaera berean fitxategi bat baino gehiago aldi berean igotzeko ere. Esteka sortu eta gehienez ere hamabost egunera iraungiko da, eta bertan estekatutako eduki guztia ezabatuko da, erabiltzaileak ez badu iraungipen laburragoa adierazi. Era berean, erabiltzaileak mugatu dezake estekaren deskarga-kopurua, informazioa zifratu dezake pasahitz batez, eta estekaren hartzaileak hauta ditzake haien helbide elektronikoak adierazita (hogei, gehienez ere).

3.2. Zerbitzua etetea

Zerbitzua aldi baterako edo behin betiko etengo da, zerbitzua emateko behar diren baliabide teknikoak hobetu, konpondu edo ordeztea ezinbestekoa denean. Era berean, zerbitzua etengo da erabiltzaileak Baldintza hauetako klausularen bat betetzen ez badu eta, bereziki, erabiltzaileak bidegabeki jokatzen badu eta/edo zerbitzua erabiltzean Baldintza hauetan xedatutakoa hausten badu. Arrazoi horiek direla eta zerbitzua eteten bada, erabiltzaileak ez du izango kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

3.3.1 Erantzukizunak

PuntuEUS-ek ez du inolako erantzukizunik izango Internet sarearen izaera orokorreko arazoen ondoriozko akatsengatik, atzipen-atzerapenengatik, sistemako atzerapenengatik edo beste ezein gorabeherarengatik, ez eta ustekabeko edo ezinbesteko kasuengatik edo aurreikusi ezin den eta horrenbestez enpresaren fede onarekin zerikusirik ez duen beste edozein gorabeherarengatik ere, eta konpromisoa hartzen du gorabehera horiek konpontzen saiatzeko, bere esku dauden baliabide guztiak eskainiz eta erabiltzaileari behar duen laguntza emanez, gorabeherak ahalik eta azkarrena eta ondoena konpontzeko. Era berean, PuntuEUS-ek ez du inolako erantzukizunik izango gorabehera horiek direla eta komunikazioan akatsak gertatzen badira, datuak ezabatzen badira edo trukeak etenda geratzen badira, eta, hala, ezin du bermatu webgunea une oro operatibo egongo denik bere ardurapekoak ez diren edo eskura dituen bitartekoekin konpondu ezin dituen gorabeherak gertatzen direnean. Erabiltzaileak libre uzten du PuntuEUS erantzukizun orotatik, kasu horietakoren bat gertatzen bada.

PuntuEUS-ek bere gain hartzen ditu ematen dituen zerbitzuetatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunak, betiere zerbitzuen Kontratazioko Baldintza Orokorretan zehaztutako mugen barruan (erabiltzailearen eskura daude baldintzok).

Baldintza Orokor hauetan aipatu diren erantzukizun-salbuespenez gainera, PuntuEUS-ek espresuki ukatzen du kasu hauekiko erantzukizun oro:

3.3.2. Kalteak

PuntuEUS-ek ez du inolako erantzukizunik izango erabiltzaileak zerbitzua eraginkortasunik gabe edo fede txarrez erabili ondoren sortu diren akats edo kalteengatik. Era berean, PuntuEUS-ek ez du inolako erantzukizunik erabiltzailearen eta PuntuEUS-en arteko komunikazio faltak eragindako ondorio larri edo xeheengatik zerbitzuaren erabiltzaileak emandako helbide elektronikoa ez badabil edo emandako datuak okerrak badira.

PuntuEUS-ek bere gain hartzen du zerbitzua modu eraginkorrez eskaintzeko erantzukizuna Baldintza hauetan ezarritakoa betez eta erabiltzaileak zehatz-mehatz egindako eskaerari jarraituz. Erabiltzaileak uko egiten dio espresuki kontratu barruko nahiz kanpoko ezein erantzukizun erreklamatzeari Baldintza Orokor hauetan ezarritakoa bete ez duelako edo modu engainagarri edo arduragabean jokatu duelako sortu diren kalte-galerengatik.

3.3.3. Sistemaren baliabideak

Erabiltzaileari fitxategiak exekutatzea ukatu zaio edo fitxategiok exekutatu ondoren indarrik gabe utziko dira, baldin eta exekutatzeak sistemaren baliabideak abusuz erabiltzea badakar edo zerbitzuen osotasunerako arriskugarri bada. Neurri hori erabiltzeak ez dio inolaz ere ematen erabiltzaileari erreklamaziorik jartzeko eskubiderik, bai baitaki erabiltzaileak zein den zerbitzuaren ahalmena eta aukera dagoela aldez aurretik ukatzeko zerbitzuaren erabilera abusuzkoa edo desegokia eragin dezaketen ekintzak.

4. Erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak

4.1. Erantzukizunak

Erabiltzaileak onartzen du zerbitzuak webgunean eta baldintza hauetan deskribatzen diren ezaugarriak dituela, eta zerbitzua erabili baino lehen adierazi beharra dauka bere beharretara egokitzen den.

Webgunerako sarbidea eta haren nahiz zerbitzuaren erabilera erabiltzailearen beraren erantzukizun osoaren pean egiten dira; hark erantzungo du, beti, kalte-galeraren bat eragiten bazaie hirugarren batzuei edo PuntuEUS-i. Erabiltzaileak bere gain hartzen du webgunearen erabileraren ondoriozko erantzukizun guztia, eta bera da erantzule bakarra webgunean edo zerbitzuan zuzenean edo zeharka eragiten den edozein efekturen kasuan; horren barruan daude (adibideak dira, ez zerrenda mugatua) edozein emaitza ekonomiko, tekniko edo juridiko kaltegarri, eta orobat webguneak edo zerbitzuak sortutako itxarokizunak ez betetzea. Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du PuntuEUS kaltegabe mantentzeko halako gertaeren ondorioz zuzenean edo zeharka etortzen den edozein erreklamaziotatik.

Baldintza hauek ez betetzeak, edo legez kanpoko edo baldintza hauen kontrako edozein jarduera egiteak, erabiltzaile-izaera galtzea ekar dezake, eta, beraz, tori.eus zerbitzurako sarbidea galtzea. Erabiltzaile-izaera galduz gero, ezabatu egingo dira Zerbitzuaren bitartez trukatutako fitxategiak Pribatutasun Politikan deskribatutako baldintzetan.

Erabiltzaileak bere gain hartzen ditu Webgunearen eta Zerbitzuaren bitartez trukatutako edukien erantzukizun guztiak, eta PuntuEUS espresuki salbuetsita geratzen da erabiltzaileak trukatutako edukien ondoriozko erreklamazioek ekar litzaketen erantzukizun zibil, penal edo bestelakoetatik. PuntuEUS-ek egiazki jakiten badu erabiltzaileak edukiren bat sartu duela hirugarren batzuen edo PuntuEUS-en beraren eskubideak urratzen dituena, hala hola jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak edo oinarrizko eskubideak urratzen dituzten edukiak edo legearen kontrakoa den beste edozein eduki, lehenbailehen etengo edo behin betiko ezeztatuko du zerbitzu-prestazioa, eta, beraz, kendu egingo ditu legez kanpoko edukiak. Gainera, berehala emango die agintari eskudunei gorabehera horien berri, eta epaileek eskatutako datu guztiak emango dizkie.

4.2. Edukiak

Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du ez duela Zerbitzua erabiliko zuzenean edo zeharka Baldintza hauen kontra legezko edo zilegi ez diren egintzak egiteko, sustatzeko, bideratzeko edo errazteko, eta ez diela hirugarren batzuei bide emango Zerbitzuaren bitartez halakorik egin dezaten.

Erabiltzaileak bermatzen du badituela, trukatzen duen fitxategi bakoitzeko, behar diren baimen guztiak, barne harturik egile-eskubideak eta jabetza intelektualeko eskubideen beste titular batzuenak, Zerbitzuaren bitartez edukiak banatzeko, transferitzeko, biltegiratzeko edo eskura jartzeko.

Erabiltzaileak ez du inola ere Zerbitzua erabiliko honelakoren bat duten edukiak trukatzeko: datu pertsonalak; haur-pornografia; difamaziozkoak edo kalumniazkoak diren edo beste edozein moduz ez-zilegiak diren materialak; edo arrazakeria, indarkeria, diskriminazioa edo gorrotoa sustatzen dutenak, modu batean edo bestean; eta ez duela haren bitartez transferituko jabetza intelektualeko eskubideak, datuen babeserako eskubideak edo hirugarren batzuen beste edozein eskubide urratzen dituen edukirik, edo aplikatzekoa den beste edozein lege edo araudi hausten edo urratzen duenik.

Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du Webgunearen edo Zerbitzuaren bidez ez transferitzeko birusik, harrik, malwarerik edo Zerbitzuan bertan edo euskarri ematen dion azpiegituran tratatzen den informazioaren osotasuna, konfidentzialtasuna edo eskuragarritasuna beste edozein modutan arriskuan jar dezakeen edukirik.

Espresuki debekatzen da erabiltzaileak Zerbitzua edo Webgunea baliatzea eskatu gabeko mezu-bidalketa masiboak egiteko (spamming). Zerbitzua goiko helburuz erabiltzen ari delako berri jasoz gero, erabiltzaileari jakinaraziko zaio jardunbide desegoki horiek berehala eten ditzan. PuntuEUS ez da hasiko baloratzen ea eskatu gabeko mezuak jaso dituzten helbideak haien titularraren baimenarekin lortu diren edo ez, eta ekin egingo dio halako jardueren kontrako borrokan diharduen erakunderen batek ohartarazpena egiten dion bakoitzean –eskatu gabeko mezuak jasotzen dituzten pertsonen kexak jasotzen dituzte erakunde horiek–. Erabiltzaileak ez badu jardunbide desegoki hori eteten, berehala etengo zaio Zerbitzua. Espresuki debekatzen da, halaber, sarean arazoak edo erasoak eragiteko diseinatutako programak erabiltzea, edo erabiltzaileak Zerbitzua erabiltzeko behar-beharrezko ez den edozein sarrera edo ekintza eginez Zerbitzuaren segurtasuna proban jartzen saiatzeko diseinatutakoak.

4.3. Zerbitzuaren erabilera egokia

Erabiltzailea beharturik dago zerbitzua egoki erabiltzera, eta, beraz, fede txarrez ez erabiltzera legez debekatuta dagoen edo merkataritza-ohiturek baztertzen duten jardunbiderik. PuntuEUS-ek ahalmena eskuratzen du, baldintza hauen bitartez, erabiltzaileak oro har legez kanpokoa den edozein jarduera edo erabilera egin duela egiazki jakiten duen unetik aurrera agintari eskudunei inguruabar horien berri jakinarazteko eta erabiltzaileari baja emateko edo Webgunerako edo Zerbitzurako sarbidea mugatzeko. Erabiltzailea izango da erantzule bakarra hirugarren kaltetuen edozein erreklamazio edo egintza legezko, judizial edo estrajudizialen kasuan, eta berak ordaindu beharko ditu erreklamazioa PuntuEUS-en kontrakoa bada hari eska dakiokeen edozein gastu, kostu edo kalte-ordain.

Jakinarazpenen bat jasotzen bada hirugarrenen baten aldetik Zerbitzuaren erabiltzaile baten eduki edo jardueraren bat ustez zilegi ez dela, eta betiere jakinarazpen hori komunikatzailea behar bezala identifikatuta jaso bada, erabiltzaileari jakinaraziko dio hori, eta, jarduera nabarmen ez-zilegia bada, blokeatu egingo du delako Zerbitzua edo edukia. Jarduera nabarmen ez-zilegia izateko, ez-zilegitasun horrek zalantzarik gabea izan behar du edukietara irispidea duen edonorentzat. Zenbait kasu konkretutan, hala nola egile-eskubideak edo irainak eta kalumniak, ezinezkoa da aztertzea ea erabiltzaileak eskubidea duen edo ez eduki horiek trukatzeko, edo ea eduki horietan irainik edo kalumniarik baden; agintari eskudunak bakarrik adieraz dezake egiazki ez-zilegitasun hori, eta, beraz, zerbitzua eteteko agindu.

4.4. Pasahitzen zaintza

Erabiltzailea da estekak kudeatzeko dituen pasahitzen segurtasunaren eta konfidentzialtasunaren erantzule bakarra; leku seguruan gorde behar ditu, baimenik gabeko hirugarrenek sarbiderik izan ez dezaten. Edozein arrazoirengatik pasahitzak galtzeak berekin ekarriko du haiekin zifratutako edukietarako sarbidea galtzea. Pasahitzek seguru izateari uzten badiote, erabiltzaileak du ardura osoa sortutako esteka ezabatzeko, baimendu gabeko pertsonarik sar ez dadin.

5. Komunikazioak

Webgunea edo tori.eus zerbitzua erabiltzeagatik gertatzen diren gorabeherak jakinarazteko komunikazio-bide nagusia eta lehenetsia posta elektronikoa izango da. Horretarako, info@dinahosting.com helbide elektronikoa erabili ahal izango da. Atal honetan deskribatutakoari jarraituz erabiltzaileari bidali behar zaion edozein jakinarazpen Zerbitzuaren erabiltzaile gisa erregistratzean erabiltzaileak berak eman duen helbidera bidaliko zaio. Helbide elektroniko hori aktibo edukitzeko konpromisoa hartzen du erabiltzaileak. PuntuEUS salbuetsita dago erabiltzaileak emandako helbide elektronikoa ez kontsultatzeagatik edo hartan akatsen bat izateagatik erator litekeen erantzukizun orotatik. Alderdietako bakoitza izango da egiten diren komunikazioen kopien zaintzaren erantzule.

6. Egile-eskubideak eta marka

Erreserbatuta geratzen dira eskubide guztiak. Tori.eus-en webgunea –bere edukiak, programazioa eta webgunearen diseinua– osotara babestua dago egile-eskubidez, eta espresuki debekatua dago aipatutako elementu babestuen erreprodukzioa, komunikazioa, banaketa eta eraldatzea.

7. Estekak

Bere webgunetik tori.eus webgunera hiperesteka bat egin nahi duen erabiltzaileak ez du aipatutako webgunean eskura jarritako informazio edo zerbitzuen legez kontrako edo fede onaren kontrako erabilerarik. Besteren web-orrietan tori.eus webgunerako sarbidea ematen duten hiperestekak egoteak ez dakar ezein kasutan harreman komertzial edo merkantilik izatea hiperesteka ezartzen den web-orriaren titularrarekin, ez eta PuntuEUS-ek haren edukiak edo zerbitzuak onartzea edo gainbegiratzea ere. PuntuEUS-ek ez du ezein kasutan erantzukizunik izango tori.eus webgunerako hiperesteka edo esteka bat daramaten erabiltzailearen eduki edo zerbitzuen gainean.

8. Datuen babesa

PuntuEUS da tori.eus webgunearen bidez jasotako datuen tratamenduaren arduraduna.

Tori.eus webgunea atzitzeko edo bertan nabigatzeko ez dago zertan daturik eman. Webgunean egiten diren galderei erantzutea edo eskatzen diren datuak ematea nahitaezkoa den ala ez izartxo baten bidez (*) egingo da, eta formularioko galderaren edo eremuaren ondoren agertuko da. Eskatutako datuak ematen ez badira, ezinezkoa izango da eskatutako zerbitzua edo funtzionalitatea eskaintzea.

Ez da inolaz ere adin txikikoen daturik tratatuko; izan ere, webguneko erabiltzaile gisa bakarrik eman dezakete izena adinez nagusi direnek eta trafiko juridikoan jarduteko erabateko gaitasuna dutenek. Erabiltzaile-kontu bati alta eman eta goian aipatutakoa betetzen ez badu, berehala ezabatuko da.

Erabiltzaileek emandako informazioa helburu hauetarako tratatuko da:

  • Erabiltzaileak: zerbitzuaren erabiltzaile gisa izena ematean jakinarazten dituen datuak zerbitzua maila teknikoan eta administratiboan kudeatzeko erabiltzen dira, edo gorabeherak jakinarazteko edo zerbitzuari buruzko edozein informazio interesgarri emateko. Tratamenduaren legitimazio-oinarria zerbitzua ematea edo kontratua exekutatzea da. Datuak hiru urtez gordetzen dira datuen babeserako araudia betetzen dela ziurtatzeko.
  • Harremanetarako pertsona: webgunean adierazitako harremanetarako bitarteko edo kanaletatik edozeinen bidez jasotako datuak, harremanetan jartzeko edo eskaera edo jakinarazitako gorabehera kudeatzeko erabiltzen dira, eta 12 hilabetez gordetzen dira. Tratamenduaren legitimazio-oinarria zerbitzua ematea edo kontratua exekutatzea da. Deiak ere helburu hauekin graba daitezke interes legitimoan oinarrituta: zerbitzuen kalitatea hobetzea eta jasotako jarraibideak edo emandako informazioa egiaztatzeko segurtasun-neurri gisa.

Erabiltzaileek Politika honetan deskribatutako helburuetarako emandako datu pertsonalak bakarrik tratatuko ditu PuntuEUS-ek. Erregistratutako datuak esandako epeetan ezabatzen dira, salbu blokeatuta eduki behar badira erreklamazioak prestatu, aurkeztu edo defendatzeko.

Erabiltzaileei jakinarazten zaie beren datuak adierazitako baldintzetan tratatuko direla Baldintza Orokor hauek onetsita tori.eus webgunearen erabiltzaile gisa erregistratzean.

Erabiltzaileek ezin dute beste interesdun batzuen datu pertsonalik eman, non eta ez duten hartarako baimenik, zeinaren arabera interesdun horiek aurrez behar bezala informatuak izan baitira klausula honen edukiaz eta, zehazki, onesten baitute beren datuak PuntuEUS-i ematea dagozkion xedeetarako tratatuak izan daitezen.

PuntuEUS-ek ez die hirugarrenei datu pertsonalik jakinarazten, salbu eta lege-maila duen arau batek kontrakoa xedatzen duenean edo kontratatutako zerbitzua emateko beharrezkoa denean. Hala ere, datu pertsonalak agintari eskudunei jakinarazi ahal izango die: zerga- eta aduana-agintariak, judizialak, Estatuko segurtasun-indar eta -gorputzak, eta indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatu dakiokeen beste edozein.

Klausula honetan xedatutakoari jarraituz ematen diren datuak Dinahosting SLk tratatuko ditu tratamenduaren eragile gisa, PuntuEUS-en jabetzakoa den tori.eus-en bezeroei arreta eta ostatatze-zerbitzuak emateagatik. Era berean, Dinahosting, tratamenduaren arduraduna den aldetik, informazio-sistemen eta sareen auditoria-erregistroak gordeko ditu, interes legitimoan oinarrituta sareen, azpiegitura teknikoaren eta zerbitzuen segurtasuna zaintzeko, eta zerbitzuak modu abusiboan edo iruzurki erabiltzen direla hauteman edo ekiditeko. Interesdunek beren eskubideak gauzatu ahal izango dituzte Dinahosting-en Pribatutasun Politikan deskribatutako baldintzetan. Une oro daude eskuragarri hemen: https://dinahosting.com/legal/proteccion-datos

Erabiltzaileek eskubidea dute jakiteko PuntuEUS-ek bere datu pertsonalak tratatzen dituen ala ez, datu pertsonalak ikusteko eta datu okerrak zuzentzea eskatzeko edo falta direnak osatzeko. Eskubide hauek ere baditu:

Bere datuak ezabatzeko eskatzea, datuok jada ez direnean, adibidez, beharrezkoak bildu ziren helburuetarako. Hala bada, atzeratu gabe ezabatuko dira datuok salbu eta legezko betebeharren batengatik gorde behar ez badira, edo erreklamazio bat prestatu, aurkeztu edo defendatzeko behar badira.

  • Kasu batzuetan datuen tratamendua mugatzea. Halakoetan, blokeatu egingo dira datuak, eta bakarrik tratatu ahal izango dira erreklamazioak prestatu, aurkeztu edo defendatzeko.
  • Kasu batzuetan, emandako datu pertsonalak jasotzea erabilera arrunteko eta irakurketa mekanikoko formatu egituratu batean.
  • Egoera batzuetan eta zure egoeran oinarritutako arrazoiengatik, zure datuen tratamenduari uko egitea. Halakoetan, zure datuak ez dira gehiago tratatuko, kasu hauetan izan ezik: interes legitimo premiatsua baldin badago, edo erreklamazioak prestatu, aurkeztu edo defendatzeko.

Eskubide horiek guztiak edozein unetan gauzatu daitezke, postaz eskatuz gero PuntuEUS Fundazioari helbide honetara idatzita: Arriola 2, Donostia, Gipuzkoa; edo mezu elektroniko bat bidaliz gero dba@domeinuak.eus helbidera. Eskaerarekin batera, datuen titularraren identitatea egiaztatzen duen agiri ofizial baten kopia aurkeztu beharko da bati.

Erabiltzaileak uste badu ez direla ondo gauzatu bere eskubideak, erreklamazio bat aurkez dezake Datuak Babesteko Espainiako Agentzian, hori baita datuen babesari dagokion kontrol-autoritate eskuduna. Helbide hau du: Jorge Juan, 6 - 28001 Madril.

Tori.eus webgunearen erabiltzaileek ematen dituzte datuen ardura dute. Haiek ematen dituzten datuak egiazkoak, eguneratuak eta zehatzak direla joko da, eta horretarako ardura erabiltzaileak du. Gainera, hirugarren baten datuak emanez gero, haren baimena lortzeko ardura du erabiltzaileak. PuntuEUS-ek behar diren neurriak hartuko ditu datuak berehala ezabatu eta zuzentzeko, ziurtasunez jakin bezain laster ez direla zuzenak bildu ziren tratamendu-xederako.

PuntuEUS-en Pribatutasun Politika une oro dago hemen eskuragarri: https://www.domeinuak.eus/eu/pribatutasun-politika/

Webguneak erabiltzen dituen cookieak anonimoak dira, eta ez dute adierazten erabiltzailearen datu pertsonalak jakiteko bide ematen duten erreferentziarik. Ekipo terminaletan datuak biltegiratzeko eta berreskuratzeko gailuak instalatzeko eta kudeatzeko politikaren berri izateko, kontsultatu Cookie Politika.

9. Aplikatzekoa den jurisdikzioa eta legea

Baldintza Orokor hauek Espainiako legeriaren mende daude. Baldintza orokor hauen inguruko edozein eztabaida edo gatazka ebazteko, Donostiako epaitegi eta auzitegiak izango dira eskudun, eta erabiltzaileak espresuki uko egiten dio legokiokeen beste edozein foruri.

10. Miszelanea

Dokumentu honetako edozein klausula baliogabetzat jotzen bada, gainerako klausulek indarrean jarraituko dute, eta aldeen borondatea eta baldintza hauen helburua kontuan hartuta interpretatuko dira. Kontratu hau espainolez bakarrik egiten da. Dokumentu honetan onartzen diren eskubide eta ahalmen batzuk ez erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi uko egiten zaienik.